XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2) Gatazka horren adierazpenak hizkuntzaren ikaskuntza eta errealitatearen artean dauden erlazioen irudikapenei dagokienez.

III.a: Ikaskuntzako aukera-baldintzak: hiztunen komunitatearen hizkuntza eta irudiak

Bakoitzak euskal jitetzat hartzen duena gai konplexua da, eta hemen ezin diogu konplexutasun horri aurre egin.

Nahikoa izango da aurrean daukaguna berba polisemikoa dela esatea, eta berdin har daiteke izakeratzat (errealitate ia-metafisikoa, denboran aldaezina dena, eta subjektuaren nortasunaren osotasuna hartzen duena), edo subjektu batek bera kide izateko hauta ditzakeen identitateetako bat bailitz.

Ildo honetan eta ikuspegi kontzeptualean batik bat hizkuntz arloan euskal kontzeptuaren esanahia behatzeko hiru aukera definitzen ditugu: esentzialista (euskal jitea = maska aldaezinen konbinazioaz sortutakoa); kulturalista (euskal jitea = subjektu batek prozesu sozial eta historiko baten ondorioz daukan oinarrizko identitatea); eta hirugarrena, mikroidentitatezkoa (euskal jitea = norberaren identitatearen erreferentzia bat, besteak beste, eta ez halabeharrez oinarrizkoa edo garrantzitsuena).

Oraingo mintzagai dugunari dagokionez, euskal jitearen esanahia ulertzeko aukera horietako batean edo bestean oinarrituz definitzen diren diskurtso egituretan, gaur egun helduen euskara ikaskuntzatzat (beronen bi mailetan: hizkuntzari dagokiona eta sinbolikoa) hartzen denaren irudia sar daiteke edo ez.

Hots: elementu polisemiko batek (hizkuntza) identitate polisemiko batean (euskal jiteduna) izan ditzakeen esanahietarik, helduen ikaskuntza horietako batzuetan baino ez da sozialki gauzagarria:

euren garrantzia eragile espezializatuen eskutik eta gune erlatiboki autonomo gisa espezializaturiko espazioetan ematen den hizkuntz irakaskuntzaren inguruan eraturiko gizarte bilbapenaren sorrerarekin batera hartzen dutenetan, hain zuzen.

Horrela, bada, euskara ikasteak (berriro azpimarratuko dugu hizkuntz ikaskuntza + ikaskuntza sinbolikoa) ez dauka zentzurik honek kultur sustratu aldaezin bateko aurretiazko kide izatea eskatzen dionarentzat, ez eta gehigarrizko hizkuntz gaitasuna eskuratzekoa ezik prozesuari bestelako ezein konnotaziorik sumatzen ez dionarentzat ere.